XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...)besterik ez zitzaigun iristen.

Ateaz bestaldean ez genuen aitonaren ohiko arnasartze sakona entzuten, ez esnatu ondoren eskuartean edukitzen zuen liburuaren orri-hotsa ere.

Pablo, beldurrak airean, jaitsi eta korralera atzera bueltatzeko esaten ari zitzaidan behin eta berriro, amona konturatuko zela eta demandan egingo zigula ziztua baino lehen igotzeagatik.

Ateaz bestaldeko isiltasunak ordea maratilara erakarri zidan eskua, eta emeki-emeki atea bultzatu nuen, burua leihoko pertsiana erdi-jaitsiak apenas hausten zuen iluntasunean murgildu nuelarik.

Salako erlojuak marranga egin zuen, hamar aldiz, eta kanpaikadak jo bitartean logela barruko gauzak forma hartzen joan ziren poliki, kontornoak zehazten, une horretantxe ezerezatik sortuko bailiran.

Lehenengo inpresioak, halere, usaimenetik etorri zitzaizkidan.

Ziratu berriko logelei ohi darien usain sarkor sakona jaso nuen aurrena, itxitura medio leihoak, antza, luze zeraman hertsia, logelako aire guztia kutsatua zuena.

Hurrena, lehenengo begiratu dorpean, abandonuaren seinale den txukuntasun hotza, idorra antzeman ahal izan nuen:

behiala aitonak berak bakarrik betetzen zuen ohe handiak basamortu bat zirudien bere biluztasunean, eta ukitu gabe senti zitezkeen maindire azpiko hoztasuna eta luzaro gorputzik ezagutzen ez duten ohantzeek hartu ohi duten laztura ikaragarria.

Ohearen ondoan egurrezko aulki ttiki bat zegoen, ohearen eta leihoaren arteko espazioa umil-umil betetzen zuena, eta gainean, pila batean kurioso jarrita, amonaren arropa batzuk: gona betza, jaka beltza, (...)